“The reason birds can fly and we can't is simply that they have perfect faith,

for to have faith is to have wings.”

Peter Pan, J.M. Barrie


2011-11-15

Ni Naiz Afrika


  Ni Naiz Afrika





Begiak kliskatu nituen, eta mundua piztu zen.

  Ez nengoen inon, mundua baitzegoen nire baitan. Zeru urrekarak niri egiten zidan irribarre. Lurra kiriblidua zegoen nire azpian, erori ez nedin. Aireak nire birikak betetzen zituen, eta lur maitakorrak prestatzen zizkidan elikatzen ninduten fruituak. Zer gehiago eska nezakeen? Mundua nire aginpean zegoen, erregina bat sentitzen nintzen Afrikako bihotz zirraragarria besarkatuz, taupa-taupa adoretsua senean sentituz.

  Maitemindua nengoen. Maitemindua Afrikako oihan liluragarriekin, bere zilarrezko urjauzi zurbilekin, bere kobrezko basamortu ederrekin.

  Jaiki nintzen, eta Lurra agurtu nuen. “Egunon, adats orlegizko maitea” esan nion, gozo. Berak erantzun zidan: “Kaixo, seme agurgarria. Gaur egun berri bat izango da guretzat, beste egun bat elkarrekin bait da”. Eta, beti gertu eta maitakor, elkarrekin ibili ginen. Egun bakoitza egun berri bat da.

  Perlazko zingira hotz batean murgildu nuen nire burua, biziaren arnas zuria dastatuz. Beltxarga dotore eta prestu batekin egin nuen igeri, isiltasun adierazgarrian. Bere amodiozko luma leunekin egin nuen amets, eta bihotz hunkituarekin begiradaz agurtu genuen elkar. Arima freskoarekin, basamorturantz habiatu ginen mundua eta ni.

  Lehenengo aldiz nire oin biluziek hondar epela ikutu zutenean, hotzikara batek astindu zuen nire gorputza. Nire aurrean herioaren itsaso gorrizt hori besterik ez nuen ikusten, eta beldur nintzen. Baina gero esan nuen nire baitarako lautada isolatu eta amaigabe hura lagunen arimaren leku izkutuena bezala dela; zaila da haietara salto egiten ausartzea, baina, egin ostean, mundu eder eta miragarri bat aurki dezakegu, gure egiazko barrunbea soil-soilik. Sinplezia polit bat da.

  Beraz, bihotza zaldi aztoratu gisa nire bularra kolpatuz, pausoz pauso barneratu nintzen infernu kilikagarri horretan.

  Eguzki odoleztatuak zeru urdinean egin zuen dantza. Bere garrak urrutian itzali ziren, argi distiratsu eta leunak zeruan isuriz.

  Eta, berriz ere, gaua berpiztu egin zen nire begirada liluratuaren aurrean. Maitale gozoa balitz inguratu ninduen bere ilunabar beroan.

  Basamortuko itzal eztien artean zimeldu zen nire begirada, Ama Lurraren musu samur batean nire gogoak ametsetako lurraldea zeharkatuz.

 Afrika gauaren berotasunean lokartu zen.
                                                                       Nahia

2 comments:

  1. Eta, berriz ere, liluraturik geratu naiz edertasunaren aurrean.

    ReplyDelete
  2. Ze gogoak sartu zaizkidan Afrikara joatea!

    ReplyDelete