“The reason birds can fly and we can't is simply that they have perfect faith,

for to have faith is to have wings.”

Peter Pan, J.M. Barrie


2012-04-21

Uxue


   Uxue eta biok zaldi gainean gindoazen arratsalde eguzkitsu hartan. Ez balitz horrela izango eztizko irribarrea duen ene lagun maitea gaur ez litzake harrizko ohe malenkoliatsuan lo egongo, masail launak zurbil eta begirada nork daki non.

  Oso erraza zen Uxue desberdintzea; ilea gorri bizi kolorekoa zuen, begi handi eta orlegi distiratsuak, irribarre handia beti jantzia eta azal zuria puntutxo maitagarriz apaindua. Bizitza bera baina gehiago maite nuen, nire panpina gozoa balitz, musu truk edozer eskaintzeko moduan betiere.  Ez nintzen gai aurpegitxo xarmangarri horri ezer ukatzeko.  Eta berak neu ere asko maite ninduen, uneoro zeukan besarkada bat edo masailean muxua niretzat. Gure harremana ederra zen oso, lagun min-minak ginen. Lagunak betirako. Edo hori uste genuen guk orduan.
 
  Eguraldia oso polita zegoen, eta gu bailaran geunden, Uxue bere zaldi  zuri Txinparten eta ni, nire kanela koloreko Xuharren gainean. Bapatean, Uxueren sakelako telefonoaren txirrina entzun genuen. Beti bezain irribarretsu eta niri hatz batez sudurra maitakor ukituz, alai erantzun zion deialdiari. Segundu batzuk eman zituen geldirik, zeruari begira. Zurbildu egin zen, eta mugikorra eskuetatik erori zitzaion. Uxueren begiek distira atsekabetu bat irudikatu zuten, eta bere gorputz guztia dardar bizian hasi zen.

  Zilarrezko malko goibel batek nire lagunaren masaila zeharkatu zuen. 
-Uxue?-egin nuen dei, erabat kezkaturik. Besotik eldu nuen adiskidea,  izpiritu galdua zirudiena orduan. 
-Ama-egin zuen intziri, begirada izutua nigan iltzatuz-Istripu bat izan du...
-Uxue, nire azukre koxkor, lasaitu zaitez. Dena ongi aterako da. Zurekin nago...-saiatu nintzen kontsolatzen, bere eskua bilatuz. Ez zidan utzi.
-Ez-esan zuen, bekokia zimurtuz-Amak bere ondoan behar nau. Etxera noa.-Fustaz inoiz ez bezala jo zuen bere Txinpart maitatua. Zaldi eder gizajoak irrintzi egin zuen minaren poderioz, eta galope gogor bat hasi zuen. Nik hortzak estutu nituen. Uxue ez zen bere bihotzeko zaldi zuria modu horretan jo zuena. Ez zuen inoiz ere egin. Hori ez zen bera.

  Nire Xuharri kolpetxo bat eman nion sabelaldean estriboaz, eta, leialtasunez, nire lagun tristetuaren atzetik haize xuxurlati gisa egin zuen lasterka.

  Oso motela izan zen guztia. Oraindik ikus ditzaket nire bizitzako pertsona garrantzitsuen eta maitatuenaren malko disziratsuak airean. Bihotz sumindua xaflatan puskatzen didaten malko iheskorrak, nire barruko zerbait mila zati mingarrietan kraskatzen didatenak.

  Oraindik entzun ditzaket Uxue gaixoaren intziri atsekabetuak airean, bere negar samurra.  Oraindik ikus dezaket bere zaldiaren ilaje elurtua odolez margotua. Zaldiarena neskarenarekin nahastua.

  Oraindik entzun ditzaket bere azken hitzak erori ondoren:
-Maite zaitut bihotza. Zeruan ikusiko gara.




  Eta gure azken besarkada odoleztatua sentitu dezaket oraindik azalean.