All that we see or seem

Is but a dream within a dream.”


2015-07-19

Izadiren begirada





  Izadiren begirada ez zen besteak bezalakoa. Ez naiz gai begirada bitxi haren kolorea zehazteko, baina dakidan gauza bakarra da, inoiz ikusi dudan begiradarik bereziena zela. Unibertsoa bezain sakonak eta gaua bezain ilunak ziren nini-zulo horiek inoiz planteatu ez den galdera bat izkutatzen zuten, akaso sekula irakurria izango ez den sekretua. Bi herensugek inguratzen zituzten altxorraren kobazulo biribilak. Herensuge garden haien atzean tintarik gabeko historioak zeuden, gogoratzen direnak eta denboraren poderioz ahaztu direnak.

  Baina Izadiren begirada ez zen bere begietan murrizten. Begiratzeko modua ere bazen, pertsona jantziena instant batean biluzteko gai zena. Jende askorentzat begirunea hitzen bidez lortzen da. Izadiren kasuan, ordea, ez zen horrela. Neskaren aliaturik handiena isiltasuna zen. Hortan zetzan Izadiren dohaina, isiltasuna apurtu gabe hitz egitean. Bere poesiak ez zituen hitzak erabiltzen, begiradak baizik. Eta, hala eta guztiz ere, gainerakoek baino gauza gehiago esaten zituen.

  Izadi ez zen inor izan. Ez dut bere historioa gogoratzen, ez bere ilea, ez bere ahotsa, ez bere janzkera, ez bere letra. Izadi pertsona ikustezina izan zen, oso maitatua, baina guztiontzat guztiz ezezaguna. Ez zizkion inori kontatu bere sekretuak, eta horixe izan zen bere saminaren erruduna. Izadi irribarre egiten ez zuen neska izutia zen. Bere arimaren zurbiltasunak ezpainak izoztu zizkion, eta arrosa zuriz inguratuta ehortzi genuen. Inork ez daki nor izan zen benetan Izadi, baina ez du inork ahaztuko bere begirada.