All that we see or seem

Is but a dream within a dream.”


2014-05-15

Begirada

My bed 

Atzo goizean euriaren doinuarekin esnatu nintzen. Leihoa zabalik zegoen, eta haize eztiak hotzikara eragin zidan. Kalea gris kolorez jantzia zegoen, eta zeruak, hodei beltzak eta haratago, urdin elektriko zirraragarri bat erakusten zuen. Giroa oso hezea zen, eta horren epela, norbaitek besarkatzen ninduela zirudiela.


 Esnatu aurreko ametsa oraindik azalean sentitzen nuen. Ez zen amets bat soilik, nire barruan “zerbait" arraro hura mugiarazten zuen sentimendua zen. Jada esna nengoen, baina nire pentsamendua gela ilun hartatik oso urrun zebilen, loaren mundu sakonean galduta. Eta ez zuen bertatik alde egiteko asmorik.

Autumn Tree


 Udazken kolore biziek  zuhaitzetako hostoetan dir-dir egiten dute. Zerua urdin dago, eta kotoizko hodeiek astiro igeri egiten dute bertan, beltxargak bailiran. Nire irria urrun entzuten dut. Denbora geldirik dago, ez dut inora joan behar. Pauso bakoitzean hegan egiten dut.


Ez dut beste inon egon nahi.


Wonderfull *-*  Usain gozoa datorkit nonbaitetik. Zuhaixka urrekara bat zeharkatu dut, usainaren norabidea jarraituz. Kilimak egin dizkit. Beste aldean, hondartza zuri bat dago. Oinetakoak erantzi ditut, irribarre amaigabea aurpegian, eta lasterka uretara abiatu naiz. Olatu epeletan murgildu naiz jolasean. Urak zapore gozoa du.  Ur azpian, mundu urdin batean, begirada orlegi batekin egin dut topo. Begirada sakona, liluragarria eta magikoa. Bihotz-taupadak izoztu dizkidan begirada. Bertan geldituko nintzateke betirako, begi ninietako kaiolan uzkurturik. Ametsak diren orlegi tonu desberdinak kontatzen. Eta noizbehinka, ezkutuan,  nire begirada maitea utziko nuke azpian duen irribarre zoragarrian kulunkatzeko.



  Begiak kliskatu nituen. Euri -jasa itzelak kolpatzen zituen teilatuak eta blai eginda nengoela konturatu nintzen. Leihoa bizkor itxi nuen. Haizearen txistuak zuhaitz beltzen adarrak bulkada bortitzekin astintzen zituen. Irratia piztu nuen, eta dutxa hotz bizigarri bat hartu nuen Caravan" abestiaren erritmoa jarraituz. Ondoren,  nire gorputza toaila leun batez bildu nuen, gozoki baten gisa. Bost minutu inguru eman nituen armairuari so, arropa egokia bilatzen. Baina oso berandu zelaz ohartu nintzen, eta harrapatu nituen lehenengo gauzak jantzi nituen. Gosaldu gabe irten nintzen kalera, arnasestuka, masailak gorri-gorri nituelarik. Ilea oso bustia nuen arren, hamar segundotan arropa guztia horrelaxe nuen, eta ez zen nire lehenengo dutxa hautematen. Uste dut ez dela beharrezkoa aterkiak gustuko ez ditudala esatea.


 Kalea lasaitasunez gurutzatu nuen, inguratzen ninduen txaparroia jada ahazturik. Ezin nuen amets hura burutik kendu. Udazken koloreak, hondartza zuria, itsaso epela eta gozoa, begirada orlegia… Neurea sentitzen nuen begirada misteriotsua. Oso arraroa iruditzen zitzaidan, baina betidanik ezagutuko banu bezala zen. Gardentasun orlegia distira urrekarekin. Egun gris hartako ortzadarra.


 Orlegian pentsatzen nuen bitartean, auto bat ziztu bizian igaro zen nire ondotik eta ur marroiko olatu nazkagarri bat etorri zitzaidan gainera. Madarikazio bat utzi nuen ateratzen, haserreak jota. Minutu batzuk igarota, ezer aldatzen ez zela ikustean, bideari berriro ekin nion, garaiz iristearen esperantza guztiz galduta. Denda batean nire islada begiratu nuen, izango nuen itsura penagarria hobetzen saiatzeko asmoz, ahal zen neurrian. Blai egindako neska nekatu bat ikusi nuen, ilea nahasita eta arropa guztia lokatzez beteta. Ez nekien barre edo negar egin, eta botak arrastatuz urbildu nintzen. Eta, kristalaren pauso batzuetara nengoenean, harrituta gelditu nintzen. Kizkur ilunen azpian, begi handi eta orlegi pare batek zur eta lur begiratzen zion neska galdu haren begiradari.
                                                     
                            Amazing