All that we see or seem

Is but a dream within a dream.”


2020-02-29

Urmaelaren arkitektura


Adar oker batek urazalean eraztunak margotzen zituen. Olatu gardenek, nire begirada desitxuratzearekin batera, mundu guztiaren gainetik pasatzen zituzten hatz hezeak. Koloreak berehala nahastu ziren, ortzi-muga ezabatuz. Eguzkia jada ezkutatu zen. Basoaz haratago labaintzen zen, azken pintzelkada gorriztak ebatziz. Baina ilunabarrak bere errezel urdin ilun, arin, hotza eskegi zuen zeruan. Galdutako zenbait distira urrekarak dar-dar egin zuen urmaelean. Isiltasun sakon bat hedatu zen itzaletan zehar. Dena zen lausotu, dena gaztelu urdin bakartia bilakatu. Dorre garaienek unibertsoaren sekretuak ezagutzen zituzten. Izarren argi leunak iluntasunez jositako harresiak arakatzen zituen. Eskailera amaigabeetan gora eta behera zebilen Iragana. Denbora bezain zaharrak ziren harri haiek nik entzun ez nezakeen abesti bat xuxurlatzen zuten. Mundu zirraragarri hura atzematen nuen, eta hala ere guztiz eskuraezina zen. Pinakulu eta arbotante miresgarriak nire hatzen artean desegingo lirateke. Urrezko hats mingarri bat. Zergatik ote dira horren latzak ametsak? Zergatik esnatzen naiz biluzik eta izotzez estalita? Nire adar okerrarekin urazala kraskatzen dut, mundua zartatuko banu bezala. Ispilu gupidagabe bat da. Nire begirada gazteluko dorreak bezain hutsa dago, eta izarren isladak nire bihotzeko korridore herdoilduak argiztatzen ditu. Ke zuria. Barnea erretzen dit. Argiak mila zatitan hausten ditut, eta kristalezko euri ederrenak azala zeharkatzen dit. Baso urdina. Adarrak eta hezurrak senti ditzaket. Dorreak. Harrizko bihotzak. Bidezidor bat urmael azpiko erresumara. Beste mundu batera gonbidatzen nauen zilarrezko atea. Eta adar oker bat, urazalean eraztunak margotzen.





No hay comentarios:

Publicar un comentario